Gure udalerria Iruñerriko mendebaldean dago, beraz, Iruñeko edo Mendialdeko Merindadean. 40,70 km2-ko hedadura du eta 1842 biztanle (2018).

Erlojuaren orratzen norabidean mugituz gero, honako udalerri hauek mugatzen ditu: Ollaran eta Itzako zendea (I), Orkoien, Iruña eta Barañain (E); Zizur Nagusia eta Zizurko Zendea (H), Etxauribar (HM) eta Goñibar (M).

Gaur egun, bederatzi toki edo kontzeju daude Zendean: Arazuri, Artazkotz, Asiain, Ibero, Izkue, Izu, Lizasoain, Oltza eta Ororbia (hiriburua). Baina, historikoki, beste herri batzuk ere egon ziren: duela gutxi herri propioa egiteko bereizi zena (Orkoien), eta beste batzuk, duela mende batzuk hustuta eta desagertuta: Lecoate, Larranue (Larraino), Elizaberria, Abajita, Ate, Nabarino, eta gehiago ere, gure lurraldeak historian zehar jasan zituen izurriteek eta beste hondamendi batzuek desagerraraziak.