Emakumeen ahalduntzea, partaidetza soziopolitikoa eta balio-aldaketa
Ardatz hau emakumeen kontzientziazio prozesuekin lotua dago (banakakoa eta taldekoa). Emakumeak gizarte, politika eta ekonomia alorretan indartzea beharrezkoa da aukera berdintasuna lortzeko. Emakumeak kanpoan uzten ez dituen botere eredu berri bat eraikitzea da ardatz honen azken helburua.
Zer da ahalduntzea?
Ahalduntze terminoa asko erabili izan da Hego Amerikan eta Erdialdeko Amerikan, bere jatorria Estatu Batuetan topatu behar badugu ere, hitza ingeleseko “empowerment” terminotik baitator.
Ahalduntzeak gure bizitzan autonomia izatea dakar, bizitzari aurre egiteko indarra eta konfiantza izatea, bizitzan aukera ezberdinak egiteko ahalmena izatea eta eraldaketa sozialean parte hartzea. Emakume bat ahaldunduta dagoela esaten dugu ahalmen horiek bizi-indar bilakatzen direnean, pertsona horren izaera osatzen dutenean.
Aldaketa pertsonal eta kolektiboa dakarren prozesua litzateke, emakumeen eta gizonen arteko botere harremanen eraldaketa dakarrena. Prozesu hori gauzatzeko hainbat faktorek bat etorri behar dute: emakumeoi maila pertsonalean gertatzen zaiguna ulertzea; errealitatea eta testuingurua antzematea; eskubideak ezagutzea; informazioa eta baliabideak eskura izatea; geure ahalmenak lantzea; autonomia, kontzientzia eta ahalmen kritikoa izatea.
Horregatik, jabetzea prozesu pertsonala da, norberari gertatzen zaion zerbait. Inork ezin du beste inor jabetu. Hala ere, erakundeek emakumeen eta emakume taldeen jabetze prozesuak susta ditzakete.