Agurra
Denok dakizuenez aukeratu egin nauzue auzokide guztiokin batera udalbatza hau zuzentzeko. Aukeratu baino esango nuke protagonismoa partekatzeko aukeratu nauzuela, udalaren kudeaketan gardentasuna eta parte-hartzea finkatzeko.
Egia esatera, plus batekin jaso dut udala: bertako langileon kalitate handia, bai pertsona moduan, baita profesionalki ere, eta hori oso garrantzitsua da herritarrok merezi duzuen zerbitzua eman ahal izateko.
Bestalde, harro nago gure taldeko zinegotziok osatzen dugun taldearekin, Ilusioz eta ganoraz beteko ditugu geure buruari ezarritako lan guztiak.
Legegintzaldi honetan arreta bereziki jarriko dugu jendarteko sarea berriz josteko, ea horrela ezabatzen ditugun justiziarik gabe ezarri diguten krisi horrek sortutako desberdinkeria guztiak.
Erronka eta muga batzuk baditugu; bat, Espainiako gobernuak gasturako ezarri digun muga, zeinak ez digun uzten gehien behar diren horretan dirua sartzea: hobekuntza sozialetan.
Beste bat, gure auzokideekin zein harreman izan nahi dugun libreki erabakitzea eta normalizatzea.
Eta azkenik, gure aletxoa jartzea mundu hobea lortzeko ahaleginean, klima aldaketak eraginik izan ez dezan.